jueves, 14 de octubre de 2010

Irati


Udazken puri-purian disfrutatu genuen Irati basoaz. Kolore aberastasuna izugarria da, gure zentzumenen gozamenerako. Mota guztietako horiak, gorriak, laranjak, berdeak...non-nahi; naturaren edertasun eta gaitasunaren islada paregabea. Photoshop ote da? diogu askotan argazki batetako koloreak ikustean; ahaztu egiten bait zaigu teknologiek natura dutela inspirazio iturri, eta naturaren ahalmena gizakiona baino askoz zabalagoa dela.
Iratin egin genituen ibilbide ezberdinen artean, Urbeltza errekaren ibilbidea dago. Edurneko baselizan hasi ginen eta errekaren bideari jarraitu genion, ura alde batera eta arteen basoa beste aldera genuela. Ibilbidean aurrera gindoazela, zentzumenak esnatzen ziren: bustitako lurraren usaia, euri tanten soinua, hostoak zuhaitzetatik erortzen zireneko sentsazioa,  lurreko orbelak zapaltzearen soinua, erreraren hotsa... Isiltasunean, basoak asko zeukan adierazteko... eta gu, isilik, entzuten saiatu ginen... ilunabarrak harrapatu gintuen arte.
Egun paregabea pasatu ondoren, Isabarako bidea hasi genuen, afari goxo bat hartzeko asmoz, baina Iratik beste opari eder bat eskaini zigun 'etxerako bidean'. Autobidean salamandra eta igel piloa zeuden, gure poztasunerako. Han zeuden, ilunetan... beraien presentziaz, basoa gauez ere bizirik jarraitzen duela esan gura moduan.
                                         Basoan, bizitza momenturo...non-nahi.